Kongresu - prozesuaren araudia
I. Atala. Kongresuaren oinarriak eta bermeak
1. artikulua. Kongresuaren faseak eta prozedurak
Kongresu-prozesuak bi ekitaldi/fase izango ditu:
Urriaren 18tik - abenduaren 21era: Ildo politikoari eta antolaketa eta funtzionamenduari buruzko eztabaidak eta erabakiak, zeinetan Hegoaldeko Mahai Politikoak aurkeztuko duen oinarrizko ponentziari zuzenketak (partzialak zein osotarikoak) aurkeztu ahal izango zaizkion.
Urtarrilaren 9tik - otsailaren 8ra: Zuzendaritza- eta kudeaketa-organoen berritzea, zeinetan Hegoaldeko Mahai Politikoak aurkeztuko dituen hautagaitzen aurrean hautagaitza alternatiboak aurkeztu ahal izango diren.
Kongresuko eztabaidak eta bozketak modu presentzialean zein telematikoan (elkarrekin.ehbildu.eus webgunean kokatutako aplikazioaren zein www.ehbildu.eus webgunearen bidez) burutuko dira.
2. artikulua. Kontrol-mekanismoak: Kongresuaren Berme-Batzordea
Kongresuaren araudia interpretatu, betetzen dela bermatu eta Kongresu-prozesuan zehar sor litezkeen gatazkak konpontzeko Kongresuaren Berme Batzordea eratuko da.
Kongresuaren Berme Batzordea bost kidek osatuko dute. Bost kide horiek Kongresua deituko duen Batzar Orokorrak hautatuko ditu.
Egungo Zuzendaritzako kideek ezingo dute Kongresuaren Berme Batzordeko kide izan; bestalde, Kongresuaren Berme Batzordeko kideren bat EH Bilduren Zuzendaritza berrirako hautagai bihurtzen bada, Berme Batzordea utzi beharko du eta ordezko batek ordezkatuko du.
3. artikulua. Kongresu-prozesuko parte hartzaileak, sufragio eskubidea eta berau gauzatzeko modalitateak
EH Bilduren estatutuek jaso bezala, Kongresu-prozesuan eskubide osoko kide gisa parte hartu ahal izango dute Kongresu-prozesuko itxiera ekitaldia egiten den hilabetearen aurreko hilabeteko azken egunean gutxienez urte beteko antzinatasuna duten eta kuotaren ordainketan egunean dauden bilkideek. Hau horrela, zentsoa 2024ko urtarrilaren 31an itxi zen.
Estatutuetako 15. artikuluak ezartzen du Bilkidea berariaz akreditatu behar dela Kongresuan parte hartzeko. Araudi honen arabera kontrakorik adierazi ezean, pertsona horiek guztiak automatikoki joko dira kongresuan parte hartzeko akreditatutako pertsonatzat.
Gainerako lagunek kongresu-prozesuan parte hartu ahal izango dute, baina ez eskubide osoz; alegia, ez dute ez zuzenketak aurkezteko, ez hautagaiak proposatzeko, ez eta ez batzuk ez besteak bozkatzeko eskubiderik izango.
Botoa telematikoki edo presentzialki eman ahal izango da:
- Telematikoki, elkarrekin.ehbildu.eus helbidean dagoen aplikazioaren bidez.
- Presentzialki, aurrez adierazitako herrietan jarriko diren bozketa-mahaietara joanda. Bozketa horiek ere aplikazioaren bidez egingo dira, horretarako berariaz izendatutako arduradunen laguntzarekin.
4. artikulua. Parte hartzaileen eskubideak, betebeharrak eta diziplina-araubidea
Eskubide osoko parte hartzaileek [ikus 3. artikulua], EH Bilduren estatutuen 8. artikuluan jasotzen diren eskubideez gain, zehazki, Kongresu-prozesuari dagokionez, honako eskubideak izango dituzte:
- Kongresu-prozesuari buruzko informazio guztia jasotzeko eskubidea.
- Eztabaidetan parte hartzeko eskubidea.
- Oinarrizko ponentziari zuzenketak aurkezteko eskubidea.
- Zuzendaritzarako, Berme Batzorderako eta Kontu Batzorderako hautagaitzak proposatzeko eskubidea.
- Zuzendaritzako, Berme Batzordeko eta Kontu Batzordeko kide hautatua izateko eskubidea.
- Botoa emateko eskubidea.
Gainerako parte hartzaileek [ikus 3. artikulua], berriz, eztabaidetan parte hartzeko eskubidea baino ez dute izango.
Betebeharrei dagokienez, parte hartzaile guztiek, EH Bilduren estatutuen 9. artikuluan ezartzen direnez gain, zehazki, Kongresu-prozesuari dagokionez, honako betebeharrak izango dituzte:
- Eztabaidaren markoak eta tempusak errespetatzekoa; alegia, eztabaida Araudi honetan finkatutako markoetan egitekoa, eta ez komunikabideetan edota sare sozialetan.
Bestalde, Kongresu prozesu osoan zehar EH Bilduren estatutuetan jasotako diziplina-araubideak aginduko du.
5. artikulua. Formularioak betetzean sortutako arazoak konpontzeko jarraibideak eta epeak
Zuzenketak edota hautagaitzak aurkezterakoan elkarrekin.ehbildu.eus aplikazioan emandako datuak zuzentzeko, datuok publiko egiten direnetik 48 orduko epea egongo da. Edonola ere, telefono-zenbakia, e-posta eta nortasun-agiria behin bakarrik aldatu ahal izango dira. Gehiagotan aldatzeko beharra izanez gero kongresua@ehbildu.eus helbidera mezu bat bidali beharko da.
Hautagaitza-proposamenen kasuan, behin erregistroa eginda, 48 orduko epea egongo da berau aldatzeko.
Bozketak hasi baino 48 ordu lehenagora arte bai zuzenketak bai hautagaitzak erretiratzeko aukera egongo da. Horretarako, mezu bat bidali beharko da kongresua@ehbildu.eus helbidera.
Dela zuzenketen dela hautagaitzen erregistroa egiterakoan aplikazioarekin gerta litezkeen intzidentziak kudeatzeko asistentzia ahalbidetuko du EH Bilduk. Edonola ere, dena delako jazoera intzidentzia gisa jotzeko honako baldintzak bete beharko ditu:
- Jazoera aplikazioaren akats baten erruz gertatzea.
- Jazoera akats metodologiko baten erruz gertatzea.
Edonola ere, intzidentziak zuzenketen zein hautagaitzen aurkezpen epeen barruan komunikatzen badira kudeatuko dira, ez bestela.
Jazoeren berri emateko kongresua@ehbildu.eus helbidera mezu bat bidali beharko da. Mezuan jazoeraren azalpen zehatzaz gain erabiltzailearen datuak ere jaso beharko dira.
Komunikazioa ez bada arestian aipatutako epea itxi baino lehen egiten, ezingo da arazoa konpondu, ezta hautagaitza erregistratu gabe geratzen bada ere (erregistratutakoan sistemak ziurtagiria e-postaz bidaltzen du).
Jazoera tekniko horiek tramitatu ahal izateko, jazoeraren berri emateko bidali behar den korreo elektronikoak honako jarraibideak bete beharko ditu:
- E-posta beti bidali Araudi honetan esaten den helbidera: kongresua@ehbildu.eus
- Formularioa bidaltzeko saiakeran azaldu den akatsaren pantaila kaptura (pantailaren argazkia) bat bidali atxikita. Kaptura hau funtsezkoa da arazoa zein izan den jakiteko eta konpontzeko.
- Behin zure e-postaren erantzuna jaso ostean, 48 orduko epea izango duzu eskatzen zaizun materiala edo datuak bidaltzeko, horiek prozesatu ahal izateko. Ez bada eskatutako epe horretan jasotzen, jazoera konponbiderik gabe itxiko da.
- Ez bidali artxibo exekutagarriak atxikita, hala korreoa automatikoki ezabatzen baita.
- Ez dira tramitatuko hizkera itsusia edo mehatxu kutsukoa duten korreoak.
- Guztion ardura da jazoeren kudeaketa erraztea, beraz:
- Argiak eta zehatzak izan tramitatu beharreko jazoeraren azalpenean.
- Irekitako elkarrizketa berean erantzun beti (kasu berdinean elkarrizketa lerro ezberdinak irekitzeak jazoera bat konpondu gabe geratzea ekar lezake).
- Ez bidali e-posta bat baino gehiago eskari berdinarekin. Horrek kontrako efektua eragiten du: erantzuna lehenago jaso beharrean, korreo kopurua handitzen du eta prozesamendua geldotzen du.
Behin jazoera tramitatuta, egin beharreko moldaketak zuzenean exekutatuko dira kaltetuei konfirmaziorik bidali gabe.
6. artikulua. Epeetan aldaketak
Aurreikusi ezin daitezkeen gertakariak direla medio, posible da Araudi honetan finkatutako epeak moldatu behar izatea. Epe berriak elkarrekin.ehbildu.eus webgunean jakinaraziko dira publikoki, baita e-posta bidez Bilkide guztiei jakinarazi ere.
7. artikulua. Bozketen emaitzak direla- eta erreklamazioak aurkezteko epea eta prozedura
Egiturak aplikazio telematikoa kudeatzeko izendatutako arduradunek, herrietakoek zein herriz gaindikoek, aplikazio telematikoaren kudeaketa guneetan burutzen duten jardueraren traza gordeko da auditoria azterketak bermatzeko.
Aplikazio telematikoaren segurtasun, pribatutasun zein konfidentzialtasuna zalantzan jartzen duen edonork eskubidea izango du kanpo auditoria profesional bat eskatzeko. Hau burutzeko prozedura Kongresurako Berme Batzordeak ezarriko du. Auditoria eskatzen duenak fidantza ekonomiko bat ezarri beharko du, salatutakoa egia ez balitz auditoriaren kostuak bere gain hartu ditzan.
Erreklamazioak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da. Beraz, erreklamazioa martxoaren 8ko 12:00etan baino lehen aurkeztu beharko zaio Kongresurako Berme Batzordeari. Erreklamazioa aurkeztean, izen-abizenak, herria eta erreklamazioa aurkezteko arrazoia azaldu beharko dira, 1.500 karakteretan gehienez, kongresua@ehbildu.eus helbidera e-posta bat bidaliz.
II. Atala. Kongresu-prozesuaren lehen fasea: Oinarrizko ponentziaren eztabaida eta bozketa
8. artikulua. Oinarrizko ponentziaren aurkezpena
Hegoaldeko Mahai Politikoak urriaren 18an aurkeztuko du oinarrizko ponentzia eta harrezkero eskuragarri egongo da elkarrekin.ehbildu.eus web aplikazioan, bai eta herri eta auzoetan. Horrez gain, Bilkide zein EH Bilduko inskribatu orori berau eskuratzeko lotura e-postaz bidaliko zaio.
9. Artikulua. Eztabaidarako tokiko batzarrak
Urriaren 21etik azaroaren 24 bitarte herri eta auzoetan Herri Batzarrak antolatuko dira oinarrizko ponentziaren inguruan eztabaidatzeko. Hortik aurrera, herri bakoitzaren esku gelditzen da batzar gehiago egiteko aukera, eztabaidan sakontzeko edota zuzenketez eztabaidatzeko; betiere zuzenketak bozkatzeko epe amaiera arte [ikus 11. artikulua].
3. artikuluak finkatu bezala, Herri Batzar horietan, eskubide osoko parte hartzaileez gain, interesa duen orok parte hartu ahal izango du.
10. artikulua. Zuzenketa motak eta berauek aurkezteko epeak eta prozedura
Hartarako eskubidea duten parte hartzaileek [ikus 3. artikulua] osoko zuzenketez gain, lau motatako zuzenketa partzialak aurkeztu ahal izango dituzte:
- Gehikuntzak. Beste paragrafo bat gehitzea.
- Ezabaketak. Paragrafo oso bat ezabatzea.
- Hobekuntzak. Paragrafo bat berridaztea.
- Zuzenketa teknikoak. Akats gramatikalak eta halakoak.
Zuzenketak urriaren 21eko 00.00tik azaroaren 24ko 23.59ak bitarte aurkeztu ahal izango dira.
Zuzenketak modu telematikoan aurkeztu ahal izango dira, elkarrekin.ehbildu.eus helbidean kokatutako web aplikazioaren bidez, baita modu presentzialean ere, herriko arduradunen laguntzaz.
Parte hartzaile bakoitzak zuzenketa bakarra aurkeztu ahal izango du paragrafo edo atal bakoitzeko.
Zuzenketa bidaltzean mezu bat iritsiko zaio bidaltzaileari, ongi jaso dela jakinaraziz.
Estatutuetan aldaketak dakartzaten zuzenketen kasuan, itzulpen estatutarioa identifikatu eta idatzi beharko du zuzenketaren egileak. Egiturak aholkularitza eskainiko du hala eskatzen zaionean.
11. artikulua. Zuzenketen kudeaketa, eztabaida eta bozketa
Hegoaldeko Mahai Politikoa harremanetan jarriko da zuzenketa teknikoak ez beste zuzenketen egileekin, dena delako zuzenketari buruz duen iritzia eman eta, kasuan, akordioak erdiesten saiatzeko. Harreman horren ondorioak izan litezke:
- Mahai Politikoak zuzenketa dagoen-dagoenean onartu eta ponentziara inkorporatzea (zuzenketa teknikoak zuzenean inkorporatuko dira).
- Mahai Politikoak zuzenketaren egilearekin erdibideko zuzenketa bat adostea.
- Zuzenketaren egileak zuzenketa erretiratzea.
- Zuzenketaren egileak zuzenketari dagoen-dagoenean eustea.
Hegoaldeko Mahai Politikoak idatzizko memoria bat osatuko du aurreko izapidean erretiratu ez diren zuzenketa eta proposamen guztiekin eta, bozketa eguna baino hamabost egun lehenago gutxienez, eskubide osoko parte hartzaile guztien esku jarriko du. Memoria horretan jasoko dira:
- Zuzenketa bakoitzak aipatzen duen paragrafoaren jatorrizko testua.
- Zuzenketa bakoitzaren testua (hala dagokionean, zuzenketaren itzulpen estatutarioa barne).
- Zuzenketa edota proposamen bakoitzaren egileen defentsa/argudiaketa.
- Zuzenketa edota proposamen horietako bakoitzari buruz Hegoaldeko Mahai Politikoak duen iritzia eta boto gomendioa.
Horrez gain, zuzenketa horien aurkezpen/eztabaidarako ekitaldi telematiko bat egingo da abenduaren 12an. Ekitaldi telematiko horretan, idatziz egin bezalaxe, zuzenketa bakoitzaren egileak eta Hegoaldeko Mahai Politikoak denbora tarte bat izango dute nork bere posizioa defendatu ahal izateko.
kitaldi telematiko hori streaming bidez emango da eta beronen grabazioa, baita zuzenketa bakoitzaren gaineko eztabaidaren zatia ere, elkarrekin.ehbildu.eus-en eskuragarri jarriko dira nahi bestetan ikusi ahal izateko.
Zuzenketen bozketa abenduaren 19ko 00.00tik abenduaren 21ko 12:00ak arte egingo da.
Bozketan, osotariko zuzenketa bakarra eta paragrafo edo atal bakoitzeko zuzenketa partzial bakarra hautatu ahal izango du parte hartzaile bakoitzak. Alegia, osotariko zuzenketen kasuan, Hegoaldeko Mahai Politikoaren ponentziaren eta, izatekotan, osotariko zuzenketetako baten artean hautatu beharko du (edo “txuri” hautatu); hobekuntzen kasuan, berriz, paragrafo originalaren (alegia, Mahai Politikoaren ponentziak jasotakoaren) eta paragrafo horri dagozkion hobekuntzetako baten artean. Gainerako zuzenketa partzialen kasuan (gehikuntzak eta ezabaketak), “bai”, “ez” edo “txuri” izango dira aukerak.
EH Bilduren estatutuek finkatu bezala, erabakiak bertaratutakoen gehiengo sinplez hartuko dira.
Bertaratutakoak bozketarako markatutako denbora-tartean elkarrekin.ehbildu.eus plataforman sartzen diren horiek izango dira. Denbora tarte horretan plataformara sartu bai baina botorik eman ez duen kide kopurua abstentzio gisa joko da.
Osotariko zuzenketaren bat gailenduko balitz, bai Hegoaldeko Mahai Politikoaren ponentzia (oinarrizko ponentzia) bai hari egindako zuzenketa partzial guztiak bertan behera geratuko lirateke.
Bozketaren emaitzak abenduaren 21ean bertan jakinaraziko dira.
III. Atala. Kongresu-prozesuaren bigarren fasea: Hegoaldeko zuzendaritzaren, Berme Batzordearen eta Kontuen Batzordearen hautaketa
12. artikulua. Hautatuko diren ardurak eta hautaketa-moldea
Hautatuko diren ardurak hauek dira:
- Hegoaldeko Idazkaritza (1) :
- Idazkari Orokorra
- Antolaketa idazkaria
- Ekintza politikoko idazkaria
- Programa idazkaria
- Harremanen idazkaria
- Politika instituzionaleko arduraduna
- Udalgintzako arduraduna
- Eraketa arduraduna
- Nazioarteko politika eta harremanen arduraduna
- Komunikazio arduraduna
- Arabako Arduradun Politikoa
- Bizkaiko Arduradun Politikoa
- Gipuzkoako Arduradun Politikoa
- Nafarroako Arduradun Politikoa
- Hegoaldeko Mahai Politikoa(2):
- Herrialde bakoitzeko hiruna kide, Herrialde-irizpidez hautatuta.
- Kontrol eta Berme Batzordea: Bost kide eta erreserba bat.
- Kontuen Batzordea: Hiru kide eta erreserba bat.
(1)Puntu honetan jasotzen direnez gain, Hegoaldeko Idazkaritza osatzen dute: Antolaketa idazkariaren ondokoak, EAEko Legebiltzarreko talde parlamentarioaren bozeramaileak/EAEko lehendakariak eta Nafarroa Garaiko Parlamentuko talde parlamentarioaren bozeramaileak/Nafarroa Garaiko lehendakariak. Lehena Antolaketako idazkariak berak hautatuko du; beste biak beren karguaren arabera izango dira Hegoaldeko Idazkaritzako kide.
(2) Puntu honetan jasotzen direnez gain, Hegoaldeko Mahai Politikoa osatzen dute: Hegoaldeko Idazkaritzako kideek, EH Bildu osatzen duten alderdien ordezkariek, Madrilgo Kongresuko eta Senatuko talde parlamentarioen bozeramaileek, Europako parlamentuko talde parlamentarioaren bozeramaileak, Feminismoen idazkaria eta Gazte idazkaria. Hegoaldeko Idazkaritzako kideak artikulu honetan adierazten den moduan hautatuko dira; EH Bildu osatzen duten alderdien ordezkariak beren alderdiek hautatuko dituzte, alderdi bakoitzean ezarritako prozedurari jarraikiz; eta Madrilgo Kongresuko eta Senatuko talde parlamentarioen bozeramaileak, Europako Parlamentuko talde parlamentarioaren bozeramailea, Feminismoen idazkaria eta Gazte idazkaria beren karguaren arabera izango dira Hegoaldeko Mahai Politikoko kide.
Bost ardura nagusiak, alegia, Idazkari Orokorra, Antolaketa idazkaria, Ekintza politikoko idazkaria, Programa idazkaria eta Harremanen idazkaria hautagaitza kolektibo bakarra bailiran hautatuko dira, Kongresuko eskubide osoko parte hartzaile guztiek hautatu ere.
Bost sailetako arduradunak (Politika instituzionaleko arduraduna, Udalgintza arduraduna, Eraketa arduraduna, Nazioarteko politika eta harremanen arduraduna, Komunikazio arduraduna) eta Herrialde bakoitzeko arduradun politikoa, berriz, hautagaitza indibidualak izango dira. Bost sailetako arduradunak Kongresuko eskubide osoko parte hartzaile guztiek hautatuko dituzte; Herrialde bakoitzeko arduradun politikoa, berriz, dagokion herrialdekoek.
Herrialde-irizpidez Herrialde bakoitzak hautatu beharreko hiruna kideak ere hautagaitza kolektibo bakarra bailiran hautatuko dira, Kongresuko dagokion Herrialdeko eskubide osoko parte hartzaileek hautatu ere.
Kontrol eta Berme Batzordeko 5 kideak, gehi erreserba, eta Kontuen Batzordeko 3 kideak, gehi erreserba, banan-banan hautatuko dituzte (alegia, ardura/hautagaitza indibidualak dira) hartarako eskubidea duten parte hartzaile guztiek.
13. artikulua. Hautagaitza-proposamenen aurkezpena Hegoaldeko eta Herrialdeko Mahai Politikoen eskutik
Hegoaldeko Mahai Politikoak hautagaitza-proposamen bana egingo du hautatu beharreko marko bakoitzeko, Herrialde-irizpidez Herrialde bakoitzak hautatu beharreko hiruna kideen kasuan izan ezik. Kasu horretan, dagokion Herrialdeko Mahai Politikoak egingo du proposamena.
Hegoaldeko Mahai Politikoak eta Herrialdeko Mahai Politikoek egingo dituzten hautagaitza proposamenak urtarrilaren 19an jarriko dira eskuragarri elkarrekin.ehbildu. eus aplikazioan, bai eta herri eta auzoetan. Halaber, eskubide osoko parte hartzaile orori e-postaz bidaliko zaizkio.
14. artikulua. Hautagaitza alternatiboak aurkezteko baldintzak
Kongresuko eskubide osoko parte hartzaile orok [ikus 3. Artikulua] bere burua hautagai aurkeztu ahal izango du:
- Bost ardura nagusietako baterako (boskote alternatibo oso baten baitan).
- Bost sailetako baterako.
- Bere Herrialdeko arduradun politikoa izateko.
- Bere Herrialdeak Herrialde-irizpidez hautatu beharreko hiru kideetako bat izateko (hirukote alternatibo oso baten baitan).
- Kontrol eta Berme Batzordeko kide izateko.
- Kontuen Batzordeko kide izateko.
Kide bakoitza ardura bakar baterako baino ezingo da izan hautagai.
Hautagaiek abalak aurkeztu beharko dituzte(3): hautagai indibidualek 20; hautagaitza kolektiboek (bost ardura nagusien kasuan, boskote alternatiboak; eta Herrialde-irizpidez Herrialde bakoitzak hautatu beharreko hiruna kideen kasuan, hirukote alternatiboak) 50.
Kide bakoitzak ardura bakoitzeko (dela kolektiboa dela indibiduala) hautagaitza bakarra abalatu ahal izango du(4).
(3)Hegoaldeko Mahai Politikoak zein Herrialdeko Mahai Politikoek egingo dituzten proposamenen kasuan, abala dena delako Mahai Politikoaren babesa bera izango da..
(4)Abalak ez dira publikoak izango.
15. artikulua. Hautagaitzak aurkezteko epeak eta prozedura
Hautagaitzak urtarrilaren 20ko 00.00tatik urtarrilaren 26ko 18.00ak arte aurkeztu ahal izango dira, telematikoki, elkarrekin.ehbildu.eus aplikazioaren bitartez, eta presentzialki, herrietako arduradunen bidez.
Kasu batean zein bestean bete beharreko formularioa elkarrekin.ehbildu.eus web aplikazioan egongo da eskuragarri. Bertan, proposatuaren/proposatuen izen-abizenak eta herria eman beharko ditu, baita, noski dena delako/direlako pertsona/pertsonak zein ardurarako proposatzen diren ere. Horrez gain, pertsona horren/horien hautagaitza aurkezteko motiboak azaldu beharko dira (1.500 karaktere espazioekin gehienez), baita proposatzen den pertsonaren biografia labur bat eta argazki bat ere.
16. artikulua. Hautagaitzen behin-behineko argitaratzea, balioztatzea eta behin betiko argitaratzea
Urtarrilaren 27ko 00:00etan hautagaitzen behin behineko argitaratzea egin eta horien baliozkotasuna aztertzeari ekingo dio Berme Batzordeak.
Hautagaitzaren batek 14. artikuluan finkatutako baldintzak beteko ez balitu, Berme Batzordeak hala jakinaraziko lioke, dena delako hutsa lehenbailehen zuzentze aldera. Urtarrilaren 30eko 00:00etarako baldintza guztiak beteko ez balira, hautagaitza atzera botako du.
Bozketak hasi baino 24 ordu lehenago arte (alegia, otsailaren 5eko 00:00ak arte) hautagaitza erretiratzeko aukera ere badago. Horretarako e-posta bat bidali behar da kongresua@ehbildu.eus helbidera.
Halaber, epe berean, Kongresurako Berme Batzordeari edozein hautagaitzetan hautemandako irregulartasunen berri eman ahal izango dio edozein Bilkidek helbide beraren bidez.
Epe hori agortuta bidalitako zuzenketa-eskaerak ez dira aintzakotzat hartuko.
Hautagaitzen behin betiko argitaratzea otsailaren 5eko 00:00etan egingo da elkarrekin.ehbildu.eus helbidean.
17. artikulua. Hautagaitzen bozketa
Hautagaitzak otsailaren 6ko 00:00etatik otsailaren 8ko 12:00 arte bozkatu ahal izango dira modu telematikoan zein presentzialean.
Ez da parte-hartze ehuneko minimorik izango.
Hegoaldeko Zuzendaritzaren kasuan, ardura indibidual zein kolektibo bakoitzeko hautagaitza bakarra dagoen kasuetan, berauek berretsi beharko dira. Zentzu horretan, “bai”, “ez” edo “txuri” izango dira boto-aukerak, hautatuak izateko beharrezkoa izango delarik aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izatea eta aldeko botoak, gutxienez, emandako botoaren % 25 izatea.
Hautagaitza bat baino gehiago dagoen kasuetan, berriz, hautagaitzetako bat eta “Txuri” izango dira hautatu beharreko aukerak. Hautagaitza-irabazlea aldeko boto gehien biltzen dituena izango da.
Kontrol eta Berme Batzordearen eta Kontuen Batzordearen kasuan, bost eta hiru hautagai hautatu beharko/ahalko dira hurrenez-hurren, aldeko boto gehien biltzen dituzten 5 eta 3 hautagaiak izango direlarik hautatuak.
Bozketen emaitzak otsailaren 8an jakinaraziko dira. Harrezkero, eskuragarri jarriko dira elkarrekin.ehbildu.eus plataforman, eta horrez gain e-postaz bidaliko zaizkie.
Azken xedapena
Araudi hau Batzar Nagusiak onartzen duenetik aurrera jarriko da indarrean.